Ezpata-dantza Gipuzkoaren sinbolo garrantzitsua da, Debatik Beasainera, Hondarribitik Eibarrera, lurralde osoa gurutzatzen du eta komunitatearen ospakizunetako egun handienetan inoiz ez da falta.
Ezpata-dantzaz beteta dago Gipuzkoaren luze eta zabala. Talde-lanaren adibiderik bada, horixe da ezpata-dantza. Taldez talde transmititu den ondare horri balioa eta zentzua ematen diete dantzari diren herritarrek, komunitatea kohesionatzen eta artikulatzen duten boluntarioek.
Donostiako bihotzean antolatuko dugun errituaren bitartez, dantzari diren gipuzkoar herritarrak martxan jarriko ditugu kalean, oholtzak markatzen duen egile eta ikusle logikatik aparte. Herriak herriarentzat egina, edo bestela esanda: herritarrek herritarrentzat egina.